NIRE ERDITZEONDOA
Nire erditzeondoa ez zen ideala izan, episiotmomia eta forzepsen ondorioz, lehen 10 egunetan ezin izan nuen ohetik altza. Denborak arindu zidan mina, baina zoru pelbikoko fisioei esker izan ez balitz, egun minez jarraituko nuke.
Haurra jaio eta besoetan hartu nuenean, poz eta ilusio handia sentitu nituen, baina ez izugarrizko maitasunik. Ardura sentitu nuen, zaindu behar nuela, ondo egin behar nuela. Uneoro nire gainean neukan eta ez nuen nahi inork besoetan hartzerik, nirea zen.
Bapatean ama nintzen, eta hala jokatzen hasi nintzen, instintiboki, animaliki. Titian jarri nuen, baina ez zuen ondo hartzen, min egiten zidan, ahoa ez zuen ondo irekitzen, lo hartzen zuen… Hainbat emaginen laguntza izan nuen, baina, zoritxarrez ez genuen asmatu eta zauriak egin zitzaizkidan titiburuetan. Aurrerago, beste emagin batzuen laguntzarekin, lagunen gomendioekin, profesional izugarriekin lortu genuen postura hobetzea, ahoa irekitzea, eta zauriek min eman arren, nire barne senak haurra bularrean jartzera bultzatzen ninduen. Hilabete gogorra izan zen, negar asko egin nuen minagatik, nekeagatik. Egun, 4 urte ditu semeak eta titi hartzen jarraitzen du, zoragarria izan da nigandik janda nola hasi den ikustea. Berriz ere pasako nuke hasiera gogorra, gerora datorrena ikusita.
Minak arindu ahala, titia hartzeko arazoak desagertu ahala hasi nintzen gehiago disfrutatzen. Kalera atera eta beste ama batzuekin iritziak, arazoak eta pozak elkarbanatzea bizia zen niretzat, beharrezkoa.
Eta pixkanaka, denborak aurrera egin ahala, hasieran faltan sumatu nuen maitasungarra sentitzen hasi nintzen nire umearekiko. Egunetik egunera handitzen doana, eta uste dudanean ezin dudala gehiago maite… berari begira jarri eta bihotza bete-bete eginda sentitzen dut.
Norberak berea eta bere erara biziko du, eta denak dira zilegi, denak dira onak. Bizi zuena eta egin zuen bidea, bazterrera begiratu gabe!
Irudia: meredithwestinphotography