Haurdun zaudenean jende askok egiten dizun galdera, titia emango diozu ezta? Ama esnea da hoberena. Eta nire erantzuna: Bai ahal badut bai, baina bestela ez da ezer gertatzen.
Erditze ondorenean ere horrela zela uste nuen “ezin badut ez da ezer gertatzen” baina ez! Buruak gauza bat esaten zidan eta barrenak bestea.
2019ko azaroa. Erditze on baten ondorengo mamuak. Txikia gainean dut baina zerbait ez doa ondo. Saturazioa juxtu xamar eta neonatologiara daramate. Logelan sakaletxesarekin martxan, kalostroa atera zedin. Miña, beldurra,estresa, negargura…
Inkubadora batean dute txikia. Ezin titia eman. 2-3 orduro sakaletxesa gau eta egun. Tanta batzuk! Animo!
Bigarren egunean titia emateko aukera izan nuen. 10 egun egon zen ingresatuta eta egunero errutina berdina. Etxean nengoenean sakaletxesarekin esnea atera eta umearengana joatean esne hori ematen genion. Lehendabizi titia, gero nire esnea biberoian eta gehiago behar bazuen, atzetik esne artifiziala.Nik ez nituen titiak puztuta nabaritzen ezta kalanbre sentsaziorik ere.
Iritsi zen etxera etortzeko garaia eta titia bakarrik emateko gomendioa. Baina umea goseak! Ez zen nahikoa! Bajoia! Azkenean titia eta biberoia uztartu beharra. Arrazoia, pasa genuen egoeragatiko urduritasuna. “Beno beintzat titia eta biberoia”. Hemen konturatu nintzen “ez zitzaidala berdin”.
Egun batzutara kolikoak iritsi ziren eta hauek desagertarazteko osteopata bat gomendatu ziguten. Osteopatari egoera komentatu genion eta akupuntura egitera animatu ninduen esne produkzioa ugaritzeko. 4 sesio egin nituen. Eta orain bai, titiak bette bette nabaritzen nituen. Otsailaz geroztik titiarekin bakarrik! Satisfakzioa! Poztasuna!
2021ko azaroa. Bigarren erditzea. Dena ondo, konplikaziorik ez. Umea pixua galtzen. Orain ere titietan ezer berezirik sentitu gabe. Pediatrak titia eman ondoren sakaletxesa erabiltzeko gomendioa produkzioa gehitzeko. Gorroto dut tramankulu hau! Zuzenean osteopatagana. 4 sesio eta umea titi hutsean! Berriro ere poztasuna!
Egia da, horrela erabaki delako edo beste mila arrazoiengatik, haurrari esne artifiziala emateagatik ez dela ezer gertatzen. Ez zara ama txarragoa horregatik, nahiz eta batzuetan gizarteak horrela sentiarazten gaituen. Baina egia da horrelako gertaerak ere askotan ez ditugula elkarbanatzen eta edoskitze asko eta asko bidean geratzen direla. Parteka ditzagun esperientziak!!
Eider
Irudia: @trinacaryphotography